XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Etorriko delako zurrumurrua zabaldu da hirian.

Sharon Stone. Berarekin zinemaldia suzkoa litzateke.

MALTZURRA BADA, THE PLAYER

Zabaltegi sailean izango dugun beste urrezko oparia.

The player, nonnahi, noiznahi saritua eta txaloz hartua izan dena.

Robert Altman maisu aditua, eskarmentu handikoa, zeluloidean barrena ibilia eta ikasia du zuzendari.

Hollywoodi ederki, gogoz eta gogor ematen dio jipoia.

Zinezaleontzako plazer handi-handia.

Bihurria, ironikoa.

Bertan, hirurogei izar baino gehiagok extra modura egiten dute lan.

Normala oso.

Hollywooden bazaude, nor topatuko duzu kaleetan izarrak ezik?

A, argazkian ageri den mutil guapoa Tim Robbins aktore egundokoa da.

Eskuminak haren partetik.

JOHNEN OROIMENEZ...

Hamaika aldiz eta hamaika lekutan egin diote ondo merezia zuen omenaldia.

Donostia ere erreboltari, ausart eta bihoztun jokatu zuen zinegileaz gogoratuko da irailean.

John Cassavetes zuen izena eta guk, batipat, aktore gisa egindako lanagatik ezagutzen dugu, baina zuzendari ibilia zen.

Hamaika filme burutu zituen.

Kostata burutu ere.

Inork, ala oso gutxik behintzat lagundu bait zion.

Zinemaldi donostiarrak haren filmografia osoa emango du ezagutzera, Faces, Shadows, Opening night...

Ez galdu pantailetan agertuko den zintzoa bezain prestua izan zen zinegile honen islada.

CLEOPATRA MAITATU ZUEN GIZONA

Esker onekoa da gure zinemalditxoa eta ametsetan ibilarazi gintuzten horiekin ezin ahaztu.

Horrexegatik, duela sei edo zazpi urte Valladolideko zine-festak egin zuen legez, umiltasun osoz hartuko du Eva al desnudo, Cleopatra, La condesa descalza eta beste maisu-lan handiak burutu zituen Joseph Mankiewicz jauna.

Gure artean izango da.

Ohore da guretzat, mister Mankiewicz.

JOHNNY DEPP, AMERIKETAN AMETSETAN

Canneseko aukeratzaileek berentzat nahi zuten, baina artean ez zegoen bukatuta.

Veneziakoak erreguka ibili omen ziren, baina zuzendariak, nonbait, Donostia nahiago izan zuen.

Zertaz ari gara?

American dreamers izeneko filmeaz.

Emir Kusturika da egilea.

Aspaldi irabazi izan zuen urrezko palmondoa Cannesen, Papá esta en viajes de negocios zela medio.

Gero Tiempos de gitanos aurkeztu zigun.

Bosniako semea da Emir, eta borroka paketsua darama bere herriaren alde.

American dreamers honetan, bideari ekiten dioten galtzaile batzuen istorioa gureganatuko du.

Bertan Faye Dunaway, Jerry Lewis eta Johnny Depp zoragarria dira antzesleak.

Bai hirukote arraro eta maitagarria!

Filmeak Donostiako zine-festa irekiko du.

Begoña del Teso

ZURRUMURRU.- Esamesa. Rumor.

NONNAHI.- Edonon. En cualquier lugar.

ADITU.- Jakituna. Experto.

ESKARMENTU.- Experiencia.

IZAR.- Estrella.

EGUNDOKO.- Berebizikoa. Fenomenal.

BIHOZTUN.- Ausarta, adoretsua. Valeroso.

PRESTU.- Honrado.

ISLADA.- Errainua, ispilua. Reflejo.

ESKER ONEKO.- Agradecido.

LEGEZ.- Bezala.

AUKERATZAILE. Aukera(tu)+tzaile. Elector, el que escoge. -TZAILE atzizkiak egilea adierazten du.

Esate baterako: saltzaile, laguntzaile, hiltzaile...

ARTEAN.- Entonces, entretanto.